Adimen artifizialeko tresnak geureganatzea bidearen zati bat baino ez da. Erakunde batek zer-nolako aukerak dituen eta hurrengo urratsak zein izan beharko liratekeen jakiteko, ulertu behar da AA bere estrategian nola txertatzen den, zer gaitasun dituen eta zer eragin sortzen ari den.
Helburu hori kontuan hartuta, Basque Artificial Intelligence Centerrek (BAIC), Adimen Artifizialeko Euskal Zentroak, AA arloko Heldutasun Galdetegia eguneratu du. Hain zuzen ere, doako tresna horri esker, Euskadiko erakundeek beren egoera hobeto ezagutu eta erabakiak bideratzeko ikuspegi argiagoa lor dezakete.
Sei dimentsiotako diagnostikoa
Adimen artifizialean heldutasuna ez da soilik erabiltzen diren tresnen araberakoa. Diagnostikoak erakundearen ikuspegi zabala eskaintzen du sei dimentsioren bidez:
- Ezarpena eta inpaktua: zer-nolako irtenbideak erabiltzen ari diren eta zer emaitza sortzen dituzten.
- Zuzendaritza estrategikoa: nola txertatzen den AA estrategian eta erabakiak hartzean.
- Gobernua eta konfiantza: nola jorratzen diren erabilera arduratsua eta erregulazio-prestakuntza.
- Datuaren estrategia eta gobernua: erakundeak zer gaitasun duen datuak kudeatzeko eta aprobetxatzeko
- Gaitasun teknologikoak: zer teknologia, azpiegitura eta baliabide dituen.
- Talentua eta kultura-aldaketa: zer gaitasun dituzten taldeek eta nola prestatzen den erakundea aldaketarako.
Begirada horri esker, iritzi orokor batetik garatzen jarraitzea komeni den indarguneen eta alderdien balorazio egituratu batera igaro gaitezke.
Hurrengo erabakiak bideratzeko ibilbide-orria
Galdetegia betetzeko 10 bat minutu behar dira. Amaitzean, erakunde bakoitzak txosten bat eskuratuko du bere heldutasun-balorazioarekin, eta txosten hori deskargatu ahal izango du. Ikuspegia dimentsioaren arabera antolatuta dago, eta euskal sarearen egoerarekin alderatzen da. Emaitzan, halaber, gomendioak emango dira hurrengo urratsak eta hobetzeko aukerak identifikatzeko.
Diagnostikoa Euskadiko erakundeei zuzentzen zaie. Ez da beharrezkoa ezagutza teknikoak izatea: gomendagarria da AA erakundean nola erabiltzen den dakien eta bertako arlo eta jardueren ikuspegi globala duen norbaitek betetzea. Galderaren bat erantzuteko informazioa falta bada, galdetegiak aukera ematen du hori adierazteko edo erantzunak gordetzeko, barruan kontsultatzearren.
Euskadiko AAren inguruko ikuspegi osatuagoa
Erakundeen parte-hartzeak Euskadiko adimen artifizialaren bilakaerari buruzko ikuspegi erantsia eraikitzen laguntzen du. Bildutako informazioarekin Euskadin AAk 2026-2027an izango duen Egoeraren hurrengo Txostena egin ahal izango da, eta enpresa-sarearen abiapuntua eta erronkak hobeto ulertzen lagunduko du.
Lehendabizi, egungo egoera zein den jakitea komeni da, aurrera egiteko zentzua non dagoen erabakitzeko. BAICek diagnostikoa osatzera eta zein aukera jorra ditzaketen jakitera gonbidatu nahi ditu euskal erakundeak.
Egizu orain doan AA arloko Heldutasun Diagnostikoa