BAIC – Euskadiko Adimen Artifizialaren Zentroak 2025eko Batzar Orokorra ospatu du, AAko lidergoari begirada estrategikoa emanez

Pentsatzeko, konektatzeko eta eraldatzeko hitzordua

Euskadiko Adimen Artifizialaren Zentroak (BAIC) 2025eko Batzar Orokorra ospatu du gaur Arabako Parke Teknologiako Erakusketa Aretoan. AAren euskal ekosistemarako funtsezko topaketa izan da, eta gaur egungo 77 erakunde bazkideak bildu ditu; besteak beste, enpresak, erakunde publikoak, zentro teknologikoak eta unibertsitateak, guztiak teknologia honen garapen etiko, kolaboratibo eta subiranoarekin konprometituak.

Urtero bezala, foro honek balio izan du Adimen Artifizialaren euskal ekosistemaren kohesioa indartzeko, aurrerapenak partekatzeko eta baterako lan-ildo berriak martxan jartzeko. Aurtengo edizioan, ordea, pauso bat harago eman da.

AAren lidergoa estrategikoki pentsatzea

Aurreko urteko jardueraren errepaso hutsa izan beharrean, aurtengo Batzar Orokorrak eduki estrategikoko atal bat izan du: “ThinkLAB: Zuzendaritza taldeentzako AAko lidergoa”, erakundeetako eraldaketa-prozesuak gidatzen dituztenei tresna praktikoak eskaintzeko sortua.

Saioari hasiera emateko, AAk Euskadin gaur egun duen egoera aztertu da, eta nazioarteko beste ingurune batzuekin alderatu da, fokua azaleratzen ari diren erronketan eta aukeretan jarriz. Ondoren, Nerea ArangurenekMondragon Korporazioko lehendakariordea, Danobat Groupeko zuzendari nagusia eta BAICeko lehendakariordea — eraldaketa teknologikoko testuinguruetako zuzendaritza-lidergoari buruzko txosten inspiratzailea eskaini du, esparru berri horretan erabakiak hartzen dituztenen zeregin estrategikoa azpimarratuz.

Erabakiak hobeto hartzeko gida praktikoa

Jardunaldiko une garrantzitsuenetako bat zuzendaritza-taldeentzako BAICek garatutako bi tresna berriren aurkezpena izan da:

  • AAren inguruko gida praktiko bat, AAren inpaktu globala eta tokikoa testuinguruan kokatzen duena, estrategia eraginkor bat definitzeko gakoak planteatzen dituena, eta zuzendaritza-profilen (CEO, COO, CFO, CIO, CTO, CHRO, CMO, CLO) araberako gogoeta-esparru bat txertatzen duena, funtsezko galderekin, erantzukizun espezifikoekin eta aplikazio-adibideekin.
  • Lana planifikatzeko koaderno bat, aurreko edukia erakunde bakoitzaren egunerokotasunera eramateko pentsatua, lankidetza eta balioetan oinarritutako ikuspegitik estrategia ekintzara eramaten laguntzeko.

“BAICetik zuzendaritza-taldeei lagundu nahi diegu prozesu eraldatzaile honetan. Kontua ez da soilik teknologia txertatzea, baizik eta helburuz gidatzea ingurune aldakor batean. Horregatik sortu dugu gida hau: AAn lidergoa modu praktikoan eta gure errealitatera egokituta lurreratzeko “, adierazi du Laura Marrón BAICeko zuzendari nagusiak.

Konpromiso kolektiboa eta epe luzerako ikuspegia

Jardunaldiari amaiera emateko, networking gune bat sortu da, eta, horri esker, erakundeen artean inpresioak trukatu eta sinergia berriak sustatu dira. Baina, bilera puntualaz haratago, Batzarrak agerian utzi du bazkide diren erakundeek konpromiso kolektiboa dutela lankidetzan, espezializazioan eta epe luzerako ikuspegian oinarritutako eraldaketa teknologikoko ereduarekin.

BAICek Euskadiko Adimen Artifizialaren ekosistemaren barruan agente traktore gisa duen eginkizuna sendotzen jarraitzen du, metodologiak eta baliabideak aktibatuz eta erakundeei lagunduz, AA hartzeaz gain, helburu eta ikuspegi estrategikoarekin egin dezaten. 

BAICetik eskerrak eman nahi dizkiegu gure bazkideei Euskadin AA aplikatua sustatzeko duten konpromisoagatik, eta gure babesleei (Ikerlan, Seidor, NWorld eta Versia) hau posible egiteagatik.

Scroll to Top