BAICek eta INNOLAB Bilbaok adimen artifiziala hurbildu dute euskal enpresetara

BAICek eta INNOLAB Bilbaok adimen artifiziala hurbildu dute euskal enpresetara

Euskadiko konpainiek garatutako AA tresnen erabilpen-kasu arrakastatsu batzuk aurkeztu dira LEADERS IN TECH Think Tanks ekitaldian

Gero eta argiagoa da adimen artifizialarekin lotutako konponbideek gure gizartean duten eragina: osasuna ezagutzeko tresnak, enpresen irabaziak hobetzeko sistema prediktiboak edo gure hirietan barrena ibiltzeko plataforma adimendunak. Adimen artifiziala errotuta dago jada gure eguneroko bizitzan. Presente dago gure ahots-laguntzaileetan (Siri, Google Assistant, Alexa...), gure etxeetako bozgorailu adimendunetan (Google Home, Amazon Echo...), edo DALL-E, Midjourney, Stable Diffusion edo Make-A-Video bezalako sormen tresnetan, zeintzuk gai baitira hitzak irudi edo bideo bihurtzeko. IDC-ren Adimen Artifizialaren Mundu Mailako Seihileroko Aztarnariaren arabera, AA konponbideen munduko merkatua 450.000 milioi dolarrera iritsiko da aurten, eta hazten jarraituko du datozen bost urteetan. Hortaz, AA aukera bat da bai orain eta bai etorkizunean ere.

Testuinguru horretan, iragan urriaren 6an BAIC–Basque Artificial Intelligence Center-ek eta INNOLAB Bilbaok “Adimen Artifiziala: joerak eta aukerak mundu errealari aplikatuta” izeneko jardunaldia antolatu zuten LEADERS IN TECH Think Tanks ekitaldiaren barruan. Topaketa horretan emakume adituek ezagutzera eman zituzten euskal enpresek garatutako adimen artifizialaren erabilpen-kasu errealak. Vicomtech teknologi zentroko Karen López-Linaresek Cadia aurkeztu zuen, bularreko minbizia diagnostikatzeko tresna bat, anatomia patologikoko irudiak aztertzen dituena adimen artifiziala erabiliz. Hauxe esan zuen: “Proiektu honen bidez posible da minbizi mota hau diagnostikatzeko denbora laburtzea, eta anatomia patologikoko datu-irudiak biltzen dituen datu-banku bat sortu dugu, balio handiko aktibo bat alegia”. Samara Ruiz Navarrok, Immersia-ko fundatzaile eta zuzendari teknologikoak, adibide bezala jarri zuen industrian aplikatutako adimen artifizialeko tresna bat, biki digitalak sortzen dituena. Biki digital edo digital twin bat euren funtzionamendua simulatzeko erabil daitezkeen aktibo fisiko erreal, prozesu, espazio, sistema edo gailuen erreplika digital bat da. “AA, analitika bisualeko tresnak, 3D ingurune interaktiboak, errealitate birtuala eta errealitate areagotua baliatuz, balio handia sor dezakegu produkzio-prozesuaren fase desberdinetan”, nabarmendu zuen.

BCAM–Basque Center for Applied Mathematics zentroko doktoretza-aurreko ikerlari Verónica Álvarezek ezagutzera eman zuen eskuartean duten lana, zeinetan etengabeko ikaskuntzan oinarritutako adimen artifizialeko tresnak erabiltzen dituzten energia kontsumoa kalkulatzeko. “Zehatz aurreikusten badugu kontsumituko dugun energia kopurua, ez dugu soberakinik sortuko, hau da, karbono dioxidoaren isuriak gutxituko ditugu eta horrek eragina izango du ez bakarrik ekonomikoki, baita ere ingurumenaren aldetik”, esan zuen. LIS Data Solutions enpresak azaldu zuen nola aplikatzen dituzten salmenten eskaera aurreikusteko gai diren adimen artifizialeko algoritmoak. Andrea Noriega Puentek azpimarratu zuenez, “konponbide honi esker %10 murriztu dugu biltegietan geldirik daukagun stock kopurua, eta bezeroen asebetetzeak gora egin du”.

Ángela Blanco Gonzálezek, Worldpats enpresako fundatzaile eta zuzendari nagusiak, azaldu zuen nola erabiltzen duten Adimen Artifiziala Giza Baliabideekin eta talentuarekin lotutako mugikortasun geografikoan, euren zerbitzuen erabiltzaileak hobeto ezagutzeko eta proposamen eta konponbide pertsonalizatuagoak eskaintzeko. “Gure hurrengo urratsa izango da Hizkuntza Naturalaren Prozesamendu teknologietan oinarritutako elkarrizketa-agenteak erabiltzea, gai izango direnak bezeroei arreta emateko egunean 24 orduz eta astean 7 egunez” aurreratu zuen. Bestalde, Versia Procesos Operativos enpresako datu-analista den María Salazar Villatek azaldu zuen nolako gaitasunak dituen adimen artifizialak prozesu logistikoak hobetzeko. “AAri esker posible da garraio-ibilbideak optimizatzea, flotak eraginkortasunez kudeatzea, kostu finkoak murriztea eta stock-ak eta hornikuntza kontrolatzea, bai dendetan eta bai denbora errealeko plataformetan”, esan zuen.

INNOLAB Bilbaoko zuzendari Iraia Monteagudok eta BAIC–Basque Artificial Intelligence Center-eko zuzendari nagusi Laura Marrónek eman zioten hasiera LEADERS IN TECH Think Tanks ekitaldiaren aurtengo edizioari. Monteagudok gogoratu zuen INNOLAB sektore eta teknologia anitzetako berrikuntza irekiko plataforma bat dela, “helburutzat daukana joerak identifikatu eta gauzatzea prototipatze teknologikoko eta berrikuntza irekiko proiektuak bultzatuz”. Bere aldetik, BAICeko arduradunak azpimarratu zuen Basque Artificial Intelligence Center-en erronkak direla euskal industriari laguntzea adimen artifizialean zentratutako proiektuak garatzen, “euren lehiakortasuna hobetzeko, bezeroak hobeto ezagutzeko, gertakariak aurreikusteko, energia-kontsumoak optimizatzeko edo lan-istripuak prebenitzeko”.

Bilboko Udala eta Eusko Jaurlaritza izan ziren jardunaldiaren babesle. Oihane Agirregoitiak, Bilboko Udaleko Herritarren Arreta eta Partaidetzako eta Nazioartekotze Gaietako zinegotziak esan zuen adimen artifizialaren arloa estrategikoa dela Bilboren eta bere ekonomiaren eraldaketa digitalerako. “Funtsezkoa da enpresak eta agenteak elkarlanean aritzea AA arloan zerbitzu publikoak bultzatzeko eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko”, adierazi zuen. Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digital eta Ekintzailetzako zuzendari Leyre Madariagak argi utzi zuen garrantzitsua dela ETEen atxikipena lortzea eraldaketa digitaleranzko eta AA tresnen erabileraranzko lasterketa honetan. Zentzu horretan, gogora ekarri zituen Jaurlaritzak bultzatzen dituen programak, adibidez “Adimen Artifizial Aplikatua 2022”. Bestalde, aipatu zuen arlo honetan “beharrezkoa dela beste erronka batzuei heltzea, esaterako gaitasun digitalen erronkari”.

Adimen artifiziala sekula ezagutu dugun teknologia disruptieboenetako bat da, inpaktu handia duelako eta izaten jarraituko duelako hala industrian nola gizartean. Erronka handiak ditu, zerikusia dutenak etikarekin, araudi eta erregulazioekin, datuen kontrolarekin, talentuarekin, eta abar, baina gizartea hasia da ikusten eskaintzen dituen konponbideak eta horien eraginak.

Ikusi albiste guztiak +