Adimen artifizialak Euskadin duen eragina erakutsiko du BAIC-ek LibreCon ekitaldian

Adimen artifizialak Euskadin duen eragina erakutsiko du BAIC-ek LibreCon ekitaldian

Azaroaren 15 eta 16an egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian LibreCon ekitaldiaren X. edizioa, ekonomiaren sektore estrategikoei aplikatutako teknologia irekiei buruzko Europa hegoaldeko erreferentziazko ekitaldia. Ekitaldiaren antolatzaileak dira ESLE-Ezagutza irekiaren eta teknologia libreen enpresen euskal elkartea eta My Public Inbox, Interneteko profil publikoen inpaktua hobetzeko erreferentziazko plataforma. Ekitaldiak badu orobat Eusko Jaurlaritzaren, SPRIren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren babes instituzionala.

Aurtengo edizioan, BAIC-Basque Artificial Intelligence Center ere ekitaldian izango da kolaboratzaile gisa. Euskadiko Adimen Artifizialaren Zentroko zuzendari nagusi Laura Marrónek emango dio parte hartu azaroaren 16ko jardunaldiari. Bere hitzaldian azalduko du nolakoa den adimen artifizialaren Euskadiko testuingurua eta zeintzuk diren BAIC-en epe laburreko helburuak, esaterako industriak lehenbailehen barneratzea AA eta Euskadi erreferentziazko gune izatea AA arloan.

Aurkezpenaren ostean, Laura Marrón bera arituko da moderatzaile hainbat enpresa eta erakundetako arduradunak bilduko dituen mahai-inguru batean. Mahai-inguru horretan parte hartuko dute Tecnalia (Sergio Gil – Adimen Artifizialaren arloko arduraduna), Hupi (Irati Rodríguez – Negozioaren Garapeneko arduraduna), Ideko (Elena Urkia - Researcher at ICT & Automation Department) eta Euskaltelek (Adrián Bertol – Adimen Artifizialaren arloko arduradun komertziala). Bakoitzak bere kasu arrakastatsuak aurkeztuko ditu, eta aztertuko dira nolako erronkak dituzten euren antolakundeek adimen artifizialeko tresnak inplementatzeko orduan. Orobat jorratuko dira AAren arloko gaur egungo zenbait erronka zuzenean lotuta daudenak talentuarekin, etikarekin, datuen garrantziarekin edo araudiekin.

X. edizioko arlo tematikoak
LibreCon ekitaldiaren egitarau zabala sei arlo tematikoren inguruan ardaztuko da. Izen hauek jadanik baieztatu dute etorriko direla: Chema Alonso (Zibersegurtasuna), Jesús Cuesta (Konputazio kuantikoa), Pablo Hinojosa (Berrikuntza irekia), Jordi García (Adimen artifiziala), Marelisa Blanco (Metabertsoa) eta Soraya Muñoz (Eraldaketa digitala). Landuko diren arlo tematikoak:

Zibersegurtasuna
Zibersegurtasuna lehentasun bilakatu da erabiltzaile, enpresa, erakunde eta gobernu guzti-guztientzat. Aztertuko dira neurri garrantzitsuenak, azken erasoak eta ziberdelinkuentzia geldiarazteko kontuan hartu beharreko oinarrizko konponbideak.

Konputazio kuantikoa
Hizpide hartuko dira konputazio kuantikoaren gaur egungo erronka, nobedade eta konponbide garrantzitsuenak. Landu beharreko funtsezko gaiak etorkizuneranzko bidea prestatzeko.

Berrikuntza irekia
Gaur egun berebiziko garrantzia dauka antolakundeen garapenerako, aukera ematen dielako urrats bat aurretik joateko negozioaren hazkundean.

Metabertsoa, web 3 eta NFTak
Elkarrekin oso estu lotutako hiru gai, gizarteari zein enpresei eskain diezazkieketen aukeren ikuspegitik landuko direnak.

Eraldaketa digitala
Hizpide hartuko dira teknologiak enpresa arloan eskaintzen dituen azken joerak, eta baita ere beste gai batzuk arlo hauekin lotuak: enpresa-kultura digitala, ekintzailetza, konponbide irekiak, green computing eta abar.

Adimen Artifiziala, 5.0 Industria eta Edge Computing
Azalduko da nola Edge Computing delakoak inpaktu esanguratsua duen eta izango duen 5.0 Industrian, eta aztertuko dira teknologia horien erronkak eta aukerak.

LibreCon ekitaldiaren egitarau osoa eta ekitaldian parte hartzeko informazioa eskuragarri dago web orri honetan: https://librecon.io/

 

Ikusi albiste guztiak +